XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gainera, bezperan hartua nuen dutxa arin bat doña Luisaren ostatuan oheratu baino lehen, horregatik diot bainu hura garbitze psikologikoa izan zitekeela beste ezer baino gehiago.

Roulotterantz nindoala gauza horietaz ari nintzen ene artean pentsatzen.

Alegia, nolaz askotan egin ez dugun zerbaitekin endredatzen garen itsusiki, nolaz egin ez dugun zerbaiten errudun sentitzen garen bat-batean; eta hori zergatik izan zitekeen horrela galdetzen nion ene buruari.

Nonbait erantzun egokirik aurkitu ez eta horrexegatik etorri bide zitzaidan bat-batean dutxatzeko gogo esplikaezin hura.

Ur purifikatzailearen beharra nonbait.

Erabateko garbiketa modukoa, ordurarteko guztian agur esatearren eta, aldi berean, zerbait berriari hasiera emateko.

Iritsi nintzen ene roulotteraino.

Hantxe jarraitzen zuen kieto, betiko lekuan.

Ene oldoztekin endredaturik ohartu gabe beheratu nuen ateko heldulekua eta barruratu egin nintzen.

Behin barruan eta artean ere inkontzienteki, errudunaren sentipenak eta ur garbitzailearen ondorioak aztertzen ari nintzela, atea zabaltzeko giltzaren bila hasi nintzen poltsiko barruan.

Baina oraindik ere lipartxo batez egon nintzen dudatan roulotteko atea zabalik zegoela eta ni, giltzaren beharrik gabe, barruan nengoela ohartu nintzen arte.

Orduan zabaldu nituen ene barne-begiak.

Eta orduan jausi nintzen lainotik lurrera karnaba tristea, batere errurik gabe tiro bortitza jaso ondoren, zuhaitz puntatik erortzen den gisara.

Dena zegoen hankaz gora.

Berriro ere dena zegoen horrela.

Nonbait atea zabaldu ondoren ostera ere sartuak ziren barrura, den-dena miatua zuten eta, bestetan bezalaxe, bazter guztiak lardaskatu, traste guztiak zilipurdika bota, zenbait gauza eta tresna txikitu eta, betiko moduan, alde egin zuten.

Zur eta lur jota geratu nintzen ohe bilaka zitekeen sofa gainean eserita.